Bestelako eskola eredu bat posible da: Bizilore, eskola komunitate berri baten lehen urratsak

Eskola tradizionalaz urruntzen

Azkoitian (Gipuzkoa)  2014an Bizilore eskola aktiboaren ateak ireki egin ziren. Haur Hezkuntzako
etapan jarduten dute, 3-6 urte bitarteko haurrekin. Eskola honetan hainbat pertsona parte hartzen dute, hala nola, bi hezitzailek, pedagogo bat, haurrak eta noski, euren familiek. Proiektu honetan eskola tradizionalaz aldentzea da helburua nagusia eta ikasleetan oinarritutako hezkuntza bultzatzea.
Eskola aktibo hau hainbat faktoretan oinarritzen da, hala nola, ikaskuntza indibidualizatu eta autonomo batean, pertsonak garatzea, ikaslearengan oinarritzea, naturarekiko kontaktua, jolas librearen garrantzia…
Beraz, hausnarketa hau gauzatzeko eta ondorengoaz hausnartzeko, esanguratsuak iruditu zaizkidan hainbat aspektu jarriko ditut agerian.
  • Jolas librearen garrantzia: 
Beti esaten da ezinbestekoa dela umeen interesak eta beharrak autematea eta ondo kudeatzea, baina nola auteman ditzakegu? jolas librea oso aukera bikaina da haurren interesak ezagutzeko, baina nola? nik esango nuke behaketaren bidez, hezitzaileak daukaten tresna baliotsuena delako. Haur Hezkuntzan bereziki, garrantzi handia dauka umeei denbora oro behatzen egotea, horrela dauzkagun galderei erantzunak bilatu ditzakegu. Haurra libre izan behar da nahi dituen jolasak erabiltzeko, azkenean jolasa, Miguel Castro-k, Imagine Elephants dokumentalean adierazten zuen bezala: “ cualquier cosa puede ser un juego pero la misma cosa puede ser una tortura”. Honekin adierazi nahi zuena da, umeak jolas hori aukeratzen badu eta barrutik atera zaion nahia baldin bada jolasa da, baina norbait behartu baldin badu hori egitera tortura bat izan daiteke.

Haurrak jolas librean egoten diren bitartean zein da irakaslearen funtzioa? hezitzaileak beharrezko laguntza bakarrik eskaini behar die, hau da, gidatzaile lana, ez du parte-hartze zuzena izan behar haurren ekintzetan. Helburua ez da haurrek dituzten arazoetan guk esku-hartzea eta emaitza ematea, azkenean gu garelako arazoa ebazten dutenak eta ez haiek. Beraz, egokiena haiek bakarrik ebazten saiatzea izango litzateke. Haurrek ez daukate presarik, ez dute denbora jakin bat jartzen arazoak konpontzeko, beraz, berdin du zenbat denbora eman, haiek saiatzea da garrantzitsuena. 
  • Barruko espazioa:
Barruko espazioa esaten zaio eskolako eraikinaren barrualdeari. Espazio honen barnean hainbat espazio sailka daitezke, eskola guztietan bezala, hala nola: harrera gunea, mugimendu gunea, eraikuntza txokoa, arte gunea, montessori gunea…
Hauek guztiak garrantzi bera daukate, espazio bakoitzean umea garatzea delako helburua, autonomia sustatzea eta haien beharrei erantzutea. Baina egia da gune bakoitza bere berezitasuna eta helburu konkretua daukala. Adibidez mugimendu gunean motrizitatea lantzen da, umearen garapenean oso
ardatz garrantzitsua delako. Gehien erakarri nauen gunea Montessori izan da, oso gertutik ezagutzen dudalako. Goi mailako graduan lehenengo urtean asko landu genuen metodologia hau eta montessoriren materialak prestatu eta praktikan jarri genituen haurrekin. Egurrezko material sentsorialak dira eta ikaskuntzaren hainbat atal lantzeko aukera ematen du, adibidez: matematikak, hizkuntza, zentzumenak…
  • Kanpoko espazioa:
Hiru eremutan banatuta dago: zelaitxoa, goiko espazioa eta behekoa. Hainbat gune daude, hala nola, hondartegia, mahiak, fruta-arbolak…
Kanpoko espazioa barruko espazioa bezain inportantea da, umearen askatasuna bultzatzen delako. Gainera materialak haurren beharrei eta interesei atxikitzen dira.
  • Materiala:
Materialaz hitz egiten badugu asko lantzen den aspektu bat da, kontu handiz aukeratzen dira, metodologiaren alderdi garrantzitsuenak direlako.  
“Materialak ezin dute izan ez oso errazak, segituan aspertzen direlako, baina ezta oso zailak ere, frustrazioak eragiten dizkielako horrek. Materialak haurrari egokitua izan behar du eta ahal den neurrian, material ez egituratua erabiltzen saiatzen gara.” Hau da, materialak haien eskura jarri behar dira haien interesekoa izateko, baina zailtasun maila normalarekin.
  • Emozioen lanketa:
Honen inguruan hitz egitea oso aproposa ikusten dut, emozioen lanketa Haur Hezkuntzan gehienbat, ezinbestekoa delako. Momentu egokiena da haurrak haien emozioak azalarazteko eta kudeatzen ikasten jakiteko. Kasu honetan, bizilore eskolan emozioak lantzen dira bere emozioen ezagutza mailaren arabera.
Daniel Goleman idazle eta psikologoak esaten zuen hezkuntza emozionala ondorengoa zela: “la capacidad de reconocer nuestros propios sentimientos y los de los demás, de motivarnos y de manejar adecuadamente las relaciones”. Azkenean zer da garrantzitsuena? Nik esango nuke haurrek beren emozioak identifikatzen eta kudeatzen ikastea. Emozioak hobeto ezagutzeko nik gogoko dudan liburu bat partekatu nahi dizuet: "El monstruo de los colores". Liburu hau oso aproposa da emozioak lantzeko.
  • Familia:
Nik uste, blog honetan egin ditudan sarrera guztietan familiari atal bat eskaini diodala, baina zergatik? uste dudalako eskolaren parte bezala hartu behar direla beti, guraso eta hezitzaileen arteko elkarlana ezinbestekoa delako. Konfiantzazko harreman osasuntsua izatea da helburua, gurasoek zein hezitzaileek haurren ongizatea nahi dutelako.
  • Naturarekiko erlazioa:
Berebiziko garrantzia ematen zaio naturari, haurren autoestimua handitzen duelako eta autonomia eta irudimena garatzen duelako. Gainera ideia bikaina iruditzen zait hemen proposatzen dutena, hau da, baratza, oilategia… azkenean ekintza hauek sustatzea haurrak errealitatea gertutik ikustea eta bizitzea

lortzen du. Garrantzitsua da haurrak baratzean ekintzak egitea, horrek elikagai desberdinak ezagutzea bultzatzen du, elikagaien hazkuntzaren prozesua eta beste hainbat gauza.

Ondorio gisa adierazi nahi dut proiektu bikaina iruditzen zaidala, ikasleetan oinarritutako hezkuntza delako eta tradizionalaz aldentzen da. Ebaluaketa egiterakoan ezinbestekoa da barneratzea garrantzitsuena ez direla emaitzak, baizik eta prozesua. Prozesu horretan umeak ikasten duelako eta gogoak jartzen dituelako.

Bibliografia:

Aranburu, A., Tresserras, A., Gamito, R., & Gomez, A. (2018). Bestelako eskola eredu bat posible da: Bizilore, eskola komunitate berri baten lehen urratsak. Tantak, 30(1).
Samthing visual. (2015ko uztailak 20). Reportaje lineal “Imagine Elephants”. [Bideo-artxiboa]. Hemendik eskuratuta: https://www.youtube.com/watch?v=-Y_lQNJPE6s
Barandiaran, A. eta Larrea, I. (2016ko azaroak 25). Ebaluazioa haur hezkuntzan: paradigma aldaketa. Hik hasi. Honako webgune honetatik berreskuratuta: http://www.hikhasi.eus/Albistegia/20161125/ebaluazioa-haur-hezkuntzan-paradigma-aldaketa

Comentarios